| Juan Escudero “Altzairua eta artea bat eginda.” |
|
|
|
| Berton - Berton dugu | ||||||||||
| Berton-k idatzia | ||||||||||
| larunbata, 2008 azaroak 01. 20:52 | ||||||||||
|
Altzairuz egindako pieza erraldoiak egiten ditu Juan Escudero eskultore mahatsorriak. Burdinezko barilla eta txapak erabiliz mota guztietako animaliak egin ditu, izan ere, intsektuekiko benetako pasioa du eskultoreak. Txurdinagan bizi den artistak dioenez “pazientzia asko behar da era honetako piezak egiteko, benetako eskulangintza baita.” Duela zazpi urte hasi zen eskulturak egiten Juan Escudero. Bere lehen lana erlauntza bat izan zen bere emazteak Santutxun duen Bionatura izeneko dietetika dendan jartzeko. Dendako erakusleihoan jarri zuten eta lan hori egitea asko gustatu zitzaionez eskulturak egiten hasi zen.
Juan Escudero irakasle da Otxarkoagan, soldaketa-galdaragintza formakuntza zikloa ematen du. Hamabost bat urte darama eskolak ematen Otxarkoagako Formazio Zentroan. Ikasleei hainbat ariketa ezberdin bidaltzen die egiteko eta gero txatarran dagoen materialarekin egiten ditu eskulturak. Otxarkoagako zentruari eskerrak ematen dizkio eskultoreak bertan sortzen baititu eskulturak tailer batean.
Juanek internet erabiltzen du laguntza gisa, bertatik argazkiak ateratzen ditu, planoak egin eta gero animalia ala intsektu horiek eskulturak bihurtzen ditu. Arranoak, erleak, eskorpioiak, tximeletak, inurriak, Mantis erlijiosoa, sorgin-orratzak, zikoina, barraskiloa… mota guztietako animaliak egiten ditu. Baina baita animaliak ez diren gauza batzuk ere, hala nola mugitzen den noria bat. Baina eskulturen portzentaia handiena animaliek betetzen dute. Escudero Otxarkoagako auzo etxean hasi zen bere lanak erakusten eta harez geroztik hainbat auzo etxetara eraman ditu lanok (Barrainkua, San Francisco, Basauriko San Migeleko auzo etxeetara adibidez). Juan Escuderoren esanetan “nik neure lanak edonora eramango nituzke erakusteko, eskatzen dudan gauza bakarra piezak ondo tratatzea da.” Berak ez ditu orain arte altzairuzko barillagaz egindako animalien eskultura hain handiak ikusi, tamaina txikikoak, ordea, ikusita zituen. Juanen eskulturak altzairuarekin eginda daude, behin eskultura eginda dagoenean margotzeko edo eta bernizatzeko eskatzen die eskolako margolaritza ikasleei. Eskultoreak dioenez “kosta egiten da horrelako pieza bat egitea, dena baitago eskuz eginda. Nik tarteka egiten baditut ere, denbora nahikotxo eskatzen du tamaina eta material honetako eskultura bat egiteak.”
Gabonetako erakusleihoen Barrutiko saria eman zieten lehenengo eskulturarekin eta emazteak Santutxuko Alicante kalean duen dietetika dendaren bitartez Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartzen dute urtera. Izan ere, Juan Escuderoren burdinezko eskulturak ezagutu nahi dituenak, Bionaturan denda barruan bertan ikusgai ditu. Bestela, Juanek badu blog bat ere bere lanen inguruko datu gehiago eskuratu ahal izateko, arteenacero.blogspot.com.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||





